Pagasarribide Ikastetxe Publiko Integrala (IPI) Bilboko San Adrian auzoan kokaturik dagoen eskola publikoa da. Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arteko etapetan D ereduko hezkuntza eskaintza ematen du eta beraz, ibilbide pedagogiko jarraitua bermatzen dugu, 2 eta 16 urte bitartean, ikasleen garapen pertsonal eta akademikoa modu koherentean lagunduz etapa guztietan.
Ikastetxea 1970ean sortu zen, Matilde Orbegozo izenarekin, Haur eta Lehen Hezkuntzarako jatorrizko eraikina inauguratu zenean. Ordutik, eraikin hau hainbat aldiz birmoldatu eta handitu egin da. Hasiera batean, A ereduko ikastetxea izan zen, geroago, 80. hamarkadaren hasieran B eredua gehitu zitzaion, eta 1987an D eredura igaro zen, gaur egun daukan izena CPI Pagasarribide IPI izena hartuz. Garai hartan, D ereduaren aitzindarietako bat izan zen, Bilbo osoko ikasleak hartzen zituena.
2018an, ikastetxeari Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gehitu zitzaion. Eraikin berria sortu zen, jatorrizko eraikinarekin pasabide baten bidez lotuta. Gaur egun, eraikin honetan, kokatzen dira Bigarren Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloa.
IKASLEAK
2025-2026 ikasturtean, Ikastetxeak 2 lerro ditu maila guztietan, LH2 eta LH6n izan ezik, non 3 lerro daude, orotara 580 ikaslek osatzen dute aurten gure ikaslegoa eta gehiengoa ikastetxearen inguruko eremutik dator (San Adrian, Miribilla eta Artazuberri), baina baita urrutiago dauden beste eremu batzuetatik (Errekaldetik eta Iralabarritik).
METODOLOGIA
Ikastetxeak metodologia pedagogiko berritzaile eta koherenteak garatzen ditu etapa guztietan: Haur Hezkuntzan mugimendu autonomoa sustatzen da, Lehen Hezkuntzan proiektu multidiziplinarren bidez lan egiten da, eta DBHko lehen zikloan eremuka antolatutako ikaskuntza garatzen da.Ikaskuntza kooperatiboa gure jardunaren oinarrietako bat da, eta ikasleen parte-hartze aktiboa eta esanguratsua bultzatzen du.
BIZIKIDETZA
Horrez gain, bizikidetza positiboa ikastetxearen ardatz nagusietako bat da. Azken urtean zuzendaritza talde egonkor bat osatu da, eta haren lehentasun estrategikoetako bat elkarbizitza osasuntsua sustatzea da. Horretarako, Elkarbizitza Proiektua garatu da, ikuspegi prebentibo eta sistematiko batetik, ikasleen ongizate emozionala eta harreman osasuntsuak bermatzeko. Era berean, familien parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, hezkuntza komunitate sendo eta kohesionatua eraikitzeko.
HEZKUNTZA PROIEKTUA
Gure Hezkuntza Proiektua zuzendaritza proiektuan definitutako ildo estrategikoetan oinarritzen da, eta honako hiru helburu nagusitan laburbiltzen da: ikasleen ongizate emozionala bermatzea, euskararen erabilera eta gaitasuna indartzea, eta ikas-komunitatea sendotzea. Helburu horiek lortzeko, inklusioa, hezkidetza, berrikuntza pedagogikoa eta lidergo partekatua dira gure jardunaren oinarriak, kalitatezko hezkuntza publiko euskalduna eskaintzeko konpromiso irmoarekin.